EUSKARA, KLASE AUZIA

Euskara-egunaAbenduaren 3an, gaurko egunez, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta euskarak klase borrokaren garapenarekin duen lotura aztertzeko parada aparta delakoan, horri eutsi diogu. Euskal Herriak nazio zapalkuntza jasaten duen heinean, hizkuntza arloan ere zapalkuntza gertatzen da, eta zapalkuntza horren erantzule klase menperatzailea da, burgesia, alegia. Beraz, hizkuntza harreman ekonomikoen menpe kokatzen da, gainegituran.

Euskarak egoera diglosikoa pairatzen du, eta, hala ere, hizkuntza politikak eredu elebidun orekatuaren formak hartzen ditu, hezkuntza ereduen parekotasun artifiziala izanik adibiderik garbienetakoa. Honi lotuta, A eredua, gaztelaniaren ezagutza baino ez duena bermatzen, D ereduaren pare jartzen da, egoera diglosikoa ahaztuz. Honek oligarkia finantzarioaren nahia frogatzen du, egoera diglosikoaren indartzea merkatua kontsolidatu eta euskal nazioaren ezaugarri goren dena (euskara) ezabatzeko. Era berean, burgesia inperialista euskara bigarren mailako hizkuntza bezala sailkatzen saiatzen da; kasurako, unibertsitateetan euskaraz eskaintza oso murritza ezarriz (ingelera bera ere baino txikiagoa), maila penagarrian eta karreretako eskakizunetik at jarriz (ingelera gero eta karrera gehiagotan sartzen den bitartean, Giza eta Gizarte Zientzietakoetan batez ere). Azken honek euskararen balio gabezia ezarri eta goi-mailako hezigune burgesetatik kanpo kokatzeko balio du; ondorioz, erlazio sozialetan marginaltasunera eraman daitekela.

Burgesia inperialistaren nahi etnozidez aparte, burgesia nazionalak sustatutako hizkuntza politika burgesak ez dio mesede egiten euskararen normalizazioari. Hizkuntzaren ikasketa era elitistan bideratzen da, hiztunen eta hizkuntzaren normalizazioaren interesetatik aldenduta. Kasurik larrienetan, eremu erdaldunak euskalduntzeari ere uko egitea planteatu da, burgesia nazionalaren gaitasun ezaren seinale normalizazioaren garapenean.

Ildo beretik, auzi benetan nabarmengarria da ezagutza-erabilera harreman dialektikoari dagokiona. Honek zentzu kuantitatiboa (ezagutza) eta kualitatiboa (erabilera) hartzen ditu bere gain, hizkuntza polikaren klase izaera islatuta uzten duena. Oro har, burgesia nazionalak aurrera eramandako hizkuntza politikak ezagutza izan du ardatz, gune erdaldunetan euskaldun kopurua nabarmen haziz. Ostera, hizkuntzaren ikaskuntza izaera elitistan gauzatua izan da, euskararen funtzioak gune akademikotik at eramatea galarazi duena. Horren adibide garbia dugu gune erdaldunetan gazte eta herri hizkera molde berriak sustatu ez izana, diglosia betikotuz.  Oligarkia finantzarioak euskara diglosiaren kartzelan sartu badu, esan daiteke burgesia nazionalak Ilargira jo duela ziegaren giltzen bila, barroteak eraitsi beharrean.

Era berean, ezagutza-erabilera dialektika auzi benetan garrantzitsua da proletarioen esperientzia iraultzailearen errepasoa egiterako orduan. Izan ere, autokontzientziaren papera ageri zaigu halabeharrezko ekarpen legez: proletariotzaren diktadura ekoizpen indarren garatzera mugatu ezin eta masen parte hartze kontzientea sustatu behar duen heinean, hizkuntza politika ezin da ezagutza hedatzera mugatu, baizik eta erabilera du bere erronkarik handiena diglosia apurtze aldera. Hortaz, behar-beharrezkoa da normalizazio prozesuaren autokontzientzia eta beronen herri izaera.

Burgesia nazionalak Espainiar Estatuaren kudeaketan duen parte hartzeak, interes ekonomiko nabarmenekin batera, galarazi egiten dio euskararen normalizazio plan baliagarria bultzatzea. Horrelako proiektu mamitsua aurrera ateratzeko, soilik hizkuntzen garapenaren, berdintasunaren eta zilegitasunaren zaindari izan daitekeen klase bakarrak, proletariotzak, gidaturiko gobernu-mota ezinbestekoa dugu: proletalgoaren diktadura iraultzailea, alegia. Esan daiteke, ondorioz, eta bide batez nazionalista zaharren batek ezarritako moldea hautsiz, akaso, euskara iraultzarekin ez dela salbatuko; baina iraultzarik gabe ziur ezetz.

HIZKUNTZA POLITIKA BURGESARI SUA!

GORA EUSKAL HERRI EUSKALDUNA!

Leave a Comment