Ikasle Abertzaleak-ri kritika. Kontzientzia politiko iraultzailea sortzeari ekin komunismoaren etengabeko bidean

-4ggmXZB_400x400Gaur egun, hezkuntza-sistemak agerian uzten du oligarkia finantzarioaren interesei baino ez diela erantzuten. Gainegituraren parte diren instituzio guztiak bezala, gai desberdinak jorratu arren, helburu bera du: burgesiaren boterea indartu eta babestea, alienazioa eta indibidualismoa sustatuz. Hezkuntzaren izaera bures hau argi eta garbi ikus daiteke, esate baterako, EU-2105 legearekin, zeinaren bidez kapitalak are botere handiagoa izango duen bere zerbitzupera dagoen hezkuntza diseinatzean.

Hala ere, hezkuntza sistema oligarkia finantzarioaren eskuetan badago ez da, besterik gabe, ausaz, Herri Langileriari hezkuntza bere onurarako erabiltzea egokitu litzaiokeen bezala, burgesiari kontrol hau egokitu zitzaiolako. Burgesiak, klase menderatzaile bihurtzean, bere Estatua sortu zuen eta horrekin batera instituzio eta lege guztiak. Logikoki, burgesia izatean hauek sortu zituena bere onurarako erabili zituen, horien artean hezkuntza aurkituz. Beraz, hezkuntza beti egongo da klase menderatzaileen zerbitzupean, kapitalismoan burgesiaren menpe eta sozialismoan proletalgoaren menpe.

Dena den, zenbait ikasle sindikatu “iraultzailek” hau aldatu nahi dute, hau da, kapitalismoan herritik eta herriarentzat (“herria”-rekin Herri Langilea edo langileria esan nahi dutela suposatuz) izango litzakeen hezkuntza eredu bat lortu nahi dute, Euskal Eskola Nazionala helburutzat jarriz. Gauzak argi uzteko, Ikasle Abertzaleak da sindikatu hori.

Aipatu behar da haientzat estrategikoa den helburu hori lortzeko estrategiarik ez dutela, ezta “Estrategia” deitutako dokumentuan ere. Hori dela eta, hezkuntza hori lortzeko jarraitutako bidea suposatu egin behar dugu. Beraz, suposatzen dugu haiek badakitela burgesiak ez diola inondik inora proposatzen duten hezkuntza-eredua besterik gabe aplikatzen utziko eta ikasleriak (hezkuntza herrikoia lortu behar dutenak ikasleak omen baitira eta ez “herria”) nolabait behartu beharko lukeela. Nola? Batek daki! Pixkanaka-pixkanaka unibertsitate eta ikastetxeetan kontra-botere bat antolatzen akaso eta gero horiek okupatuz. Baina honen inguruan ezer esan ez dutenez, ezer ez dakigu. Agian ez dira inoiz saiatu euren helburua lortzeko bide bat zehazten. Edo, agian bai, baliteke, IA-k benetan estrategia hori zehazten saiatzeko lan izugarria egin izana, baina ezinezkotzat jotzean ideia hori baztertzea (eta, hala ere, helburu ez aldatzea eta ikasleak engainatzen jarraitzea). Edozein kasutan ez du iraultzailea omen den sindikatu batez ezer onik esaten.

Horretaz gain, interesgarria litzateke jakitea zelan mantendu nahi duten zinez iraultzailea izan behar duen unibertsitate bat errepresio izugarri bati benetan aurre egin behar izanik, nola lortuko duten eskola hori finantzatzea, nola egingo dute bertan ikasitakoek gero lan bat aurkitu ahal izateko, nola lortuko duten bere asmakuntzak zabaltzea, betiere, errepikatzen dugu, benetan iraultzailea izanik. Hau, baliteke momentu preiraultzaile baten nolabait posible izatea, baina bake garaian ezinezkoa da hezkuntza sistema iraultzaile bat sustengatzea.

Berriro ere, aurreko galderak erantzun gabe daude sindikatu honengatik. Ziur, norbaitek, galdera hauen aurrean, hitz magikoa botako duela: kooperatibak. Kooperatibak asmatutakoa zabaltzeko, kooperatibak ikasleek bertan lan egiteko, kooperatibak finantzatzeko. Eta guk berriro ere galdera berdinak egingo ditugu, zeren eta suposatzen dugu kooperatibak ere iraultzaileak izango direla eta sekulako lehiakortasuna dagoen merkatu batean langileek lanpostu duin bat izango dutela suposatuko dugu. Rosa Luxemburg-ek gai hau nahiko argi utzi zuen Erreforma edo Iraultza liburuan:

“Ekonomia kapitalistan banaketak ekoizpena menperatzen du, eta konpetentzia dela eta, ekoizpen prozesua kapitalaren interesek —hau da, esplotaziorik gordinenak— menperatzea ezinbestekoa da enpresa horren biziraupenerako. Merkatuak behartuta lan erritmoak ahal beste intentsifikatu behar direnean, lan eguna moztu edo luzatu behar denean, eskulan gehiago behar denean edota kaleratu behar denean… ikusten da hau; hitz batean, enpresa kapitalista bat lehiakor egiten duten metodo ezagun guztiak ipini behar izaten dira martxan. Eta enpresari paperean jarri behar direnean, kooperatibako langileak kontraesan batean aurkitzen dira: edota enpresa baten tinkotasun osoz zuzendu behar dute enpresa, euren buruaren aurka ere eginez, ekoizpen kooperatiba hondoratuko duen kontraesana sortuz, edota enpresa kapitalista arrunt bat bilakatzen da, edota langileen interesak gailentzen badira, disolbatu egiten da”.

Duela 100 urte baino gehiago Rosa Luxemburg-ek idatzitakoak duen gaurkotasuna bistakoa da, izan ere, enpresa kapitalista askok, langileak bere nahietara erabiltzen dituztenak, porrot egiten dutenean ezinezkoa da langileen interesak bermatuko dituen enpresa baten bizirautea imajinatu ere egitea. Badirudi, Euskal Eskola Nazional Iraultzaileak bizirauteko zuen aukera bakarra ezer ezean gelditu dela (agian badute beste aukeraren bat, baina honetaz ezer adierazten ez dutenez zaila da jakitea).

Parentesi gisa, gaur egun, sindikatu honetan –eta mugimendu bereko beste erakunde batzuetan- kooperatiben eta hezkuntza herrikoiaren inguruan dauden bi ikuspuntu nagusi aipatuko ditugu: Batzuek bide bezala hartzen dute eta helburutzat iraultza soziala dute. Hau, erreformen aurrean izan beharreko jarrera bada ere, erreforma konkretu bat derrigorrezko bidetzat izatea ez da inondik inora erabaki egokia, erreformak taktikoki hartu behar baititugu. Besteek, ordea, sozialismoa teoria ekonomikotzat soilik hartzen dute, eta bien bitartean beste arloetarako beste ikuskera batzuk (burgesak) hartzen dituzte. Gainera, sozialismoa teoria ekonomikotzat soilik hartzea ere gaizki egiten dute, bakoitzarentzat sozialismoa gauza bat izan daitekeela argudiatuz eta sozialismoa kooperatibak (“Bi, hiru… Mondragon Kooperatiba asko sortzea da… Hori da kontsigna!) eta hauteskundeak irabaztea dela pentsatuz. Gorago, Rosa Luxemburg-ek argi eta garbi utzi digu kooperatibek benetan behargin izaera izatea ezinezkoa dela, baina haientzat behargin izaera izatea ere beste gauza bat izan daiteke… Auskalo!

Dagokigun gaira bueltatuz, hamaika dira Ikasle Abertzaleak-ek erreforma erreakzionarioen aurka egindakoak, gehienetan erreforma horien aurka azken ondorioetara arte helduko direla esaten dute, hitzontzikeria hutsa! Marx-ek aipatutako, iraultza guztietan, iraultzaileen alboan egoten diren beste natura bateko gizonen antzekoak dira, “berriketalari hutsak, zeinak gobernuaren kontra urtero beti gauza estereotipatu berbera esaten egonik kontrabandoz iraultzaile jatorren fama bereganatu duten. […] sarritan paper garrantzitsuak jokatu zituzten. Bere botereak uzten zien neurrian, oztopoak jarri zizkioten langile klasearen egiazko ekintzari. Gaitz eta kalte saihestezin bat dira, denborarekin bidetik kentzen dira […] ” . Baten baino gehiagotan ikusi dugun bezala, sindikatu honetako buru direnek paper hau jokatu dute, erreforma aplikatzen utziko ez dela esanez, baina hori lortzeko nahikoa ez eginez edo egiten saiatzen zenari oztopoak jarriz. Gainera, beti erreformak aurrera eramaten utziko ez dutela esatean eta, azkenean, hori ez betez ikasleak desmobilizatu baino ez dituzte egiten; haiengan ilusio faltsuak baino ez dituzte sortzen eta, ondorioz, ikasle askok, erreforma aplikatu dela ikustean, sistemaren aurka zer egiterik ez dagoela pentsatzen dute; beste batzuk, zorionez, hitzontzikeria baino ez dela konturatzen dira; zoritxarrez, hauetako askok jarrera pasiboa hartzen dute berriketalarien aurrean, hauek ere desmobilizazioan eroriz.

Guzti hau gutxi balitz, hezkuntzaren arloa soilik lantzean, ikasleengan gizartearen ikuspuntu oso mugatua sortzen dute (ikuspuntu hori sortzen dutenean), unibertsitate eta ikastetxeetatik kanpo gertatzen dena ulertzen ez lagunduz, eta, ondorioz behargin-klasearen emantzipaziorako aurrerapausorik ez ematen. Preso batek espetxetik ihes egin nahi badu, oro har espetxe guztia ezagutu beharko du, ezin du bere gela bakarrik ezagutu; bere gela ezin hobeto ezagutu arren, bertatik irtetean galdu egingo baita eta erraz harrapatuko dute. Berdina gertatzen da mota honetako sindikatuekin, ez dutela kartzela osoa ezagutzeko lanik egiten. Lan hau beste erakunde batzuei dagokiela esan dezakete, baina ez al da bistakoa unibertsitate eta ikastetxeetan ikasleekin -eta, ondorioz, gazteekin- harremana handiagoa dela eta hortaz masa gazteenganako agitazio eta propagandarako leku paregabea dela? Nori bururatu zitzaion masen heziketa politiko iraultzailea gauzatzeko aukera bikain hau pikutara bidaltzea eta horren ordez ikasleen ikusmira mugatua sustatzea? Helburu estrategikoa estrategia barik lortu behar dela otu zitzaion mota bereko pertsona bati ziur: oportunista bati. Izan ere, unibertsitate eta ikastetxeetan hezkuntzaren inguruko arazoak salatzea garrantzitsua den arren, hau soilik eginda ez da inoiz ikasleengan kontzientzia politiko iraultzailea lortuko, hau borroka ekonomikoaren kanpotik bakarrik sustatu baitaiteke; borroka ekonomikoaren bidez, gehienez, kontzientzi politiko oso mugatu bat lor daitekeelako, baina inoiz ez zapalkuntza eta miseria eragiten duen sistemaren aurkako suntsipenera arteko borroka.

Zapalkuntza ororekin amaituko duen iraultza politikoa badugu helburu, ezin ditugu gure lanaren oinarritzat zentzu ekonomikoko salaketak izan; iraultza politikorako ikasle eta langileengan kontzientzia politikoa sortu behar dugulako eta, logikoki, salaketa ekonomikoek ez dute inoiz kontzientzia politiko hori sortuko. Ukaezina da gaur egun Ikasle Abertzaleak-en lanean salaketa ekonomikoak direla indar handiena dutenak (Bologna, LOMCE, EU-2015…) eta honek ez duela beharrezko kontzientzia politiko iraultzailea sortzen laguntzen.

Horregatik, zapalduon emantzipazioa helburu dugunok, ezinbestekoa dugu kontzientzia politikoa sortu eta goratzea, eta, ondorioz, horretaz arduratuko den iraultzaileon erakundea berreraikitzea, taktika erreformista eta pseudoiraultzaileen aurrean estrategia iraultzailea aurrera eramango duena klaseen desagerpenera arte.

Deja un comentario