Herri Gorri eta mota berriko alderdiaren birsorpenari buruz

Sin título

Duela zenbait aste Herri Gorriko burkideek argitara ekarri zuten euren 3. dokumentua. Dokumentu horretan Euskal Herriko komunista antolatu orori zuzentzen dira mota berriko alderdi leninista eraikitzen hasteko.

Begi onez ikusten dugun ekintza den arren, Kimetz Erakundetik alderdia berreraikitzearen inguruko zenbait zertzelada adieraztea beharrezkoa ikusten dugu.

Hasteko, aipatu beharra dugu mota berriko alderdiaren subjektu iraultzailea behargin klaseak osatzen duela. Hau aspaldi Marxek teorizatutako gaia da eta komunistok su horren inguruan jardun behar dugu, batik bat, behargin mundu ikuskera gailendu dadin. Jakina denez, behargin klaseari baliabideen ekoizpen prozesuan betetzen duen paperagatik egokitzen zaio abangoardiako tokia. Komunistok argi izan behar dugun oinarrizko kontzeptua den arren, badirudi Herri Gorrik bere aurreko dokumentuetan adierazi duen moduan herri langilearen aldeko klase arteko apustua hobesten duela.

Herri Gorriren zehaztapen honen atzean litekeena da orain arte egungo erdiguneko eta kanpoaldeko inperialismoaren azterketa eza egotea. Erdiguneko inperialismoak ongizate estatua bideratzeko erlazio merkantilen bitartez kanpoaldeko behargin klasearen gainbalioa bereganatzea zuen helburu. Horren ondorioz, erdigunean kokatuta zegoen industria kanpoaldean ezarri zen. Horrela oligarkia finantzarioak erdigunean iraultzak ekiditeko langileriaren esparru zabalak sakabanatu zituen. Sakabanaketa hori dela eta, langileria lan esparru txikietan batu eta uniformetasuna galdu zen. Horri jarraiki, burgesiak langileriaren ikuskeran ideia burges txikiak ezarri zituen.

Puntu garrantzitsu hau jorratu ostean, Alderdiaren berreraikitzeari helduko diogu.

Jakina denez, Espainiar Estatuko mugimendu komunistak bizi duen egoera lazgarri honetan, egoera iraultzeko ez da batere erreza aurrerapausoak ematea. Hala ere, apurka-apurka eta klase borrokaren babesean, aurkakoen borrokaren bitartez ezarri behar dugu oinarrizko batasun ideologikoa. Gerora, batasun materiala ezarriko duena izango baita.

Horregatik, korrika eta presaka ibiltzeak ez dio onik egiten orain arte egondako hurreratzeei. Kimetzek pasa den urtean ospatutako lehen biltzar nagusian Euskal-Nafartar Federazio baten aldeko apustua egin zuen. Federazio honen helburua Estatu mailan destakamentu komunista sortzea da.

Herri Gorrik bere dokumentuetan zehazten duen moduan, alderdia orain egituratzeaz mintzo da. Baina nola egitura daiteke alderdia egun batetik bestera? Beraiek egun planteatzen duten baldintzetan ezinezkoa dela argi dugu. Hortaz egoera horretara heltzeko beharrezkoa dugu ulertzea zeintzuk diren gure egitekoak masen artean. Masak aztertzerako orduan, behargin mundu ikuskeraren bitartez bereizi dezakegu guztien kontzientzia burgesa ez dela berdina. Hori horrela izanik, aurreratuak eta atzeratuagoak daudenak zehaztu ostean gure egitekoa proletalgo aurreratuari zuzentzea da. Proletalgo aurreratu horrek marxismoaren indar intelektuala bereganatu behar du proletalgo iraultzaile bihurtzeko.

Herri Gorrik planteatutakoaren arabera, kongresu bat ospatu eta printzipio minimo batzuen onarpenaz Euskal Herrian kokatzen garen destakamentu komunistok Euskal Herriko Alderdi Komunistaren sorrera aldarrikatuko genuke. Hori da, funtsean, Herri Gorrik luzatutako planteamendua. Gure erakundeari oso deigarri gertatu zaio Herri Gorrik mota berriko alderdi leninista, iraultzaren antolatzaile eta behargin klasearen Estatu Goren behar duen antolakundea, horrelako urratsen bitartez sortu (euren hitzetan “eraiki”) litekeela ustea. Herri Gorrik darabilen paradigma ez da mota berriko alderdi leninista (bir)sortzera daramana, baizik eta edozein alderdi politiko burgesen eratzera daramana. Bihar tankera horretako biltzar bat deitu eta “Alderdi Komunista” izeneko zer edo zer aldarrikatuko bagenu, letra soila baino ez litzateke izango. Alderdi Komunista klasearen erreferentea da, iraultzaren antolakuntzarako zentroa. Alderdi Komunistak bere sorkuntzarako klasearen baitako prozesu dialektikoa behar du, abangoardiaren eta masaren fusioa, alegia. Fusio honek destakamentu komunista soil baten (klasearen barruan abangoardia dena) eta masen arteko dibortzioa gainditzen du, masa proletarioa autokontziente bihurtuz eta mugimendu iraultzailearen erabateko protagonista. Honela, esperientzia politikoaren bidez, masak bere klase erreferentean (alderdian) integratuz doaz, iraultzak aurrera egin ahala. Azaldutakoa ezinbestekoa da alderdi sozialdemokrata edo sindikatu sinple bat mota berriko alderdi leninistaz bereizteko. Izan ere, Herri Gorriren planteamenduari so eginez, lehenengoa baino ez litzateke eskuratuko.

Aurreko paragrafoan, Herri Gorrik planteaturiko alderdiaren “eraikuntza” prozesuaren alor politikoaz baino ez gara mintzatu, baina mami ideologikoaz, oraindik ere, ez dugu ezer esan. Alderdia eratzeko paradigma zaharkitu hori ezaguna genuen, PCPEk edota RC-k aldarrikatu berri duen PML-k jarraitzen duten bera baita. Herri Gorriren planteamenduan berri zaiguna printzipio minimoen auzia da. Hau da, Alderdiaren “eraikuntza” aldarrikatzeko biltzarrean, printzipio minimoen onarpena eskatzen da. Alderdi Komunista barik, badirudi Fronte Popularra dela eratu beharrekoa, edota frakzioz jositako Errusiar Alderdi Sozialdemokrataren legezko egitura, kasurik onenean. Zer esan nahi du printzipio minimoen kontu horrek? Hitz gutxitan, ezinbestekoa dela erakundearen barneko militante guztiek baldintza jakin batzuk betetzea, eta handik aurrerakoak, norberaren edota delako frakzioaren kontura. Honek Alderdi Komunistak behar duen zentralismo demokratikoaren aurka jotzen du zuzen-zuzen, batasun ideologikoa kontsentsu edo adostasunaren mesedetan alboratuz. Alderdi Komunistaren barnean beti egongo da gizartearen oinarrizko printzipioa den klase borrokaren isla, bi ildoetako borroka. Hau saihestezina da, materialki denak ideologikoki ere adierazpena izango baitu gizartearen arlo guztietan; beraz, burgesia eta proletalgoaren ideologiak presente izango dira Alderdiaren baitan. Horregatik, komunistok burgesiaren ildoaren aurka borroka ideologiko garbia gauzatu beharra daukagu, Alderdia marxismoaren berrikuspen atzerakoian ez erortzeko. Hau Herri Gorrik planteaturiko “printzipio minimoen” proposamenarekin erabat kontrajarrita dago. Halaber, Herri Gorri alderdiaren “eraikuntzaz” mintzo zaigu, (bir)sorkuntzaz hitz egin beharrean. Kontzeptu kualitatiboki arras ezberdinak dira: sorkuntza taktika-planaren bidez bideratu eta alderdiaren izatea materializatzen denean amaitzen da. Eraikuntza, ostera, alderdiaren sorkuntzatik hasi eta honen etengabeko hazkundea (baita deshazkundea ere, komunismora salto egiterakoan, alderdiak apurka pisua galdu behar baitu masen mesedetan, desagertu arte) neurtzen duen kontzeptua da, maila politiko-ideologikoan.

Herri Gorrik alderdiaren sorkuntzarako paradigma zaharra maneiatzen du, mugimendu komunistan oraindik ere erabat hegemoniko dena. Paradigma honek, alderdia abangoardia huts ulertu ez ezik, sindikalismoan eta elektoralismoan oinarritutako taktika-prozesua du oinarri. Honela, Alderdi Komunistaren egitekoa indar metaketara mugatzen da, sindikalismoa piztuz eta erakunde burges legegile eta betearazleen parte izanik noizbait masak iratzartu eta altxamendua abiarazi arte. Memento horretan, masek zer egin jakin ez eta alderdiarengana joko omen dute, honi prozesu iraultzailearen abangoardia izateko gonbita espontaneoa luzatuz. Kimetz Erakundeak ezin du desadostasun handiagorik izan mota berriko alderdi leninista ulertzeko ikuskera horrekin.

Ostera, Alderdiaren birsorkuntza plana abiarazteko, ezinbesteko dugu marxismoa abangoardia ideologikoa izatera bueltatzea. Honetarako, beharrezkoa da pasaden esperientzia iraultzailearen azterketa beharraz jabetzea, proletalgoak jaso duen fronte guztietako porrota (ideologiko, politiko, kultural zein militar) onartzea eta birsorkuntzarako erakunde politikoak sortzea. Honela, birsorkuntza planak bi maila dituela kontuan hartzea (ideologikoa, balantzearen bidez; eta politikoa, balantzea artikulatzeko erakundeen bidez) beharrezkoa da, kapitalismoa gainditu nahi duten masak erakarriz lehendabizi, eta hauek masa sakonagoekin lotura bezala materializatuz alderdiaren sorkuntzan. Honela, eginkizun ideologiko eta politikoen arteko harreman dialektikoa lortzen da, batak bestearen iraupena bermatuz, eta teorizismoan zein praktizismoan erortzea ekidituz. Hauxe da gure garaiko komunistok burutu beharreko paradigma berria, taktika-planean oinarri duena, taktika-prozesu zaharkituaren aurrean.

Alderdiaren eztabaidari jarraiki, klase batek beste baten aurka erabilitako botere antolatuak bere isla eta adierazgarri nagusia estatuan dauka. Hori baita ekoizpen baliabideen jabe den klase menperatzaileak, burgesiak, egungo garaian bere interesak kudeatzeko eta klase zapalduak kateatuta izateko erabiltzen duen organismoa. Hori horrela izanik, burgesiak bere menperatze eremua definitzen duenean, komunistok eremu horren baitan jardun behar dugu baldintza objektiboak eremu horretan zehaztuak daudelako. Hau guztia ikusita, nahiko ezohikoa da berriro ere, mugimendu komunistaren baitan jarrera honen aurrean ikuskera burges txikiak azaleratzea, egiazki, zuen aurreko dokumentuetan zehaztu duzuenez zuek eraiki nahi duzuen destakamentu komunistak estatuan dauden beste erakunde komunistekiko independentzia politikoa izango baitu. Harrigarria da aliantzak planteatzea zentzu honetan, batez ere, zentralismo demokratikoari, hots, marxismoaren oinarrietako bati uko egingo litzaiokelako. Orain arte, egondako esperientzietan ez da inoiz eman menperatze eremu batean hamaika alderdi komunisten arteko aliantzarik, izan ere alderdia era dialektiko baten bidez sortu ohi dira. Eta oinarri estrategiko berdinak izanez gero, internazionalismo proletarioaren erabilpen organikoa erabiliz zalantza izpirik gabe alderdi bakarra egongo litzateke eta ondorioz, komite zentral bakarra egon beharko luke. Horrek ez du esan nahi, nazio zapalduetan organismoak edota federazioak alboratzen ditugunik. Berez, auzi nazionalaren irtenbide demokratikoari edo burgesari aterabidea aurreratzeko berebiziko tresna direla uste dugu.

Marxismoaren berrikuste hau adierazteak, zein egoera penagarrian gauden ikusarazi digu eta batez ere, orain arte askok marxismoaren izenean eta horren “defentsan” zein ondo jokatu duten erakusten du. Edonola ere, egoera hau gainditzeko eta pasaden esperientzietako mugapenak berriz ere ez errepikatzeko beharra dugunez, espero dugu aurkakoen borrokaren bitartez nahasmen burges txiki hau alboratzea eta bide zuzena eta iraultzailea den bakarrari helduko diozuela.

Arestian esan dugun moduan, komunistok su batean aritzen gara iraultza sozialista antolatzeko eta klase borrokari garapena emateko. Komuniston helburu estrategikoa iraultza sozialista antolatzea denez, gure egitekoa estatuaren egitura zaharrak eta atzerakoiak mota berriko gizartearen ordez ordezkatzea da. Horretarako, Espainiar estatuaren kasuan, nahitaezkoa da estatua suntsitzea.

Oinarri hauek argi izan ezean, marxismoa maila teorikoan burgesiaren zerbitzura jarriko litzateke eta gainera, atzera pausuak emango lituzke, zuek planteatzen dituzuen alderdiaren premisak okerrak izango liratezkeelako. Horregatik, alderdi horren programa ez litzateke prest egongo botere-erlazioak iraultzeko eta proletalgoaren diktadura ezartzeko. Horren ondorioz, subjektu kontzientearen atzera pausua ekarri eta beste behin elementu espontaneoaren garaipena sendotuko litzateke.

Hirugarren dokumentu hori atera ostean, argi uzten duzue zuen zirriborro berri horretan zuen jarrera ez dela aldatu. Desadostasun antagonikoak ez diren arren, Kimetz Erakundeak Herri Gorriri zenbait punturen inguruan barne eztabaida eta azterketa egitera dei egiten dizuegu.

Hauexek dira gaiak:

• Mota berriko alderdiaren sorkuntza prozesua: paradigma berria vs zaharra.

• Pasaden esperientzia iraultzailearen balantzea kritikoaren ezinbestekotasuna.

• Estatuaren birmoldatze prozesuaren azterketa Hego Euskal Herrian eta Estatu mailan (78ko erregimenaren amaiera, Elkanoko txostena…).

• Mota berriko alderdiaren lan eremua.

• Internazionalismo proletarioaren erabilpen organikoa.

• Komuniston egitekoa. Nori zuzendu behar gatzaizkio? Proletalgo aurreratuari zuzentzeko beharraren inguruan.

Deja un comentario