Autodeterminazioa eta GED ekimena

image_previewIgande honetarako (Ekainak 21), Gure Esku Dago plataformak “Gaur hautestontzia, bihar erabakia” lelopean “erabakitzeko eskubidea” aldarrikatzeko ekitaldiak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan. GED ekimena Herrialde Katalanetako ANCn oinarrituta jaio zen, hark zuen arrakastaren ondorioz. Honelaxe, GEDk izate sendoa hartu du Euskal Herrian. Antza, plataforma honen izatea autodeterminazio eskubidea (erabakitzekoa, euren hitzetan) gauzatua izan dadin lan egitea da. Baina, zelan liteke plataforma zibil batek hainbat borrokaren ostean lortu ez dena eskuratzea?

Izan ere, Euskal Herrian autodeterminazioaren aldeko jarrera oso errotuta dago gizartean. Izan independentziaren alde zein kontra, gehiengo zabalak demokratikoki erabakitzeko nahia du, eta hori sistematikoki ukatua izan da bi Estatu inperialisten barrenetatik. Kontua da GED bezalako plataforma zibil baten mugak zeintzuk diren orain dela oso gutxi ikusi genituela Katalunia aldean. Bertan, kontsultaren emaitzek %80ko emaitzekin (espainiar monopolistek egindako boikota gorabehera) independentziari baiezkoa eman ostean, ustez kontsultaren aldeko ziren alderdi politiko burgesek debatea parlamentura eraman behar zela erabaki zuten, euren gotorlekura, alegia. Horren aurrean, ANC mutu geratu eta katalanen erabakia bortxatua izan zedin galarazteko ez zuen inongo mugimendurik egin.

Guk ez diogu inongo trabarik jarri nahi zilegi eta aurrerakoia den aldarrikapenari, baina aldarrikapen horrek dituen mugak kontuan hartu beharrekoak direla iritzi diogu. Era berean, Katalunian emandako prozesua ez da izan ANCren jenialtasunari esker, baizik eta burgesia katalanak abiaturiko mugimenduaren ondorioz. Beraz, euskal burgesiak horrelakorik abiarazteko intentziorik ez duenean, GEDren arrakasta ez da helduko. Izan ere, euskal burgesiak bere klase-kide katalanak baino posizio erosoagoa du espainiar estatuko klase menperatzaileen blokean, kontzertu ekonomikoaz hornituta dagoelarik. Egoera honen aurrean, burgesia txiki euskaltzalea da autodeterminazioa eta independentziaren aldeko apustua egin dezakeen bakarra GED bezalako proiektu baten bidez. Ez dezagun ahantzi nazio askapenak izaera interklasista duela; proletalgoaren zein burgesiaren arazoa dela.

Euskal naziotasunaren arazoa konpondu beharreko problematika da; eta problematika honen muina estatu burgesek Euskal Herriaren naziotasunaren kontra etengabean eragin dituzten zapalkuntza, jazarpen eta etnozidio praktikak izan dira. Hortaz, egoera honekin amaitzeko ezinbestean behar du Euskal Herriak bere zapaltzaileetatik banatzea; eta hori bi eratara da egingarri: 1) Autodeterminazio eskubidearen bidez estatuetatik independizatuz edo 2) estatu zapaltzaileak suntsituz eta nazioarteko bizikidetza sustatuz herrien artean. Bigarren aukera honek mugimendu iraultzailearen bidez nazio auzia konpontzea dakar, lehenengo aukerak iraultza gauzatzeke uzten duen bitartean, eta nazio askapenaren prozesua burgesiaren gidaritzapean. Estatuak suntsitzeko, nazioartekotasun proletarioa aplikatu beharra dago hauek osatzen dituzten nazioetako beharginen artean, nazionalismo ororen kontra eginez eta nazioen arteko eskubide berdintasuna sustatuz egun nagusi diren jarrera zapaltzaile eta etnoziden aurrean.

Kimetzek, nazio askapenaren alde diharduen erakunde komunista legez, nazio auzia bide iraultzailetik konpontzeko hautua egiten du, bide zilegi eta demokratikoena baita. Horretarako, ezinbestekoa da Euskal Herriaren nazio zapalkuntza gauzatzen duten estatu inperialisten behin-betiko eraisketa, eurek zapaldutako herriak aske eta haien etorkizunaren jabe izan daitezen bandera gorripean. Ekin diezaiogun komunismoaren birsorpenari, iragandako akatsak gainditu eta botere-egitura beharginak gauzatzeko Alderdi Komunista materializatze aldera.

GORA EUSKAL HERRI GORRIA!
GORA NAZIOARTEKOTASUN PROLETARIOA!
IRAULTZA ALA HIL!p031_f01

Deja un comentario