Syriza eta Podemos: posibilismoaren porrota

Burgesia txikiaren indar politikoek indarra hartu izan dute azken bolada honetan Europan. Batik bat, Espainian eta Grezian Podemos eta Syrizaren bidez. Lehenengoak espainiar estatuko indar korrelazioa arautzen duen legedia aldatzea proposatzen du, “78ko erregimena”, alegia; PP-PSOE alderdi bitasuna zalantzan jarri eta inkestetan sendo ere agertu izan da. Bigarrenak, zorra eta Troikak agindutako erreforma ekonomikoen kontrako programa aurkeztuz hauteskundeak irabazi eta gobernua eskuratzea lortu du. Biek ala biek herrialde inperialistetako burgesia monopolistaren egonkortasunarentzat beharrezkoa den sektorea ordezkatzen dute: burgesia txikia. Hala ere, bi kasuak oroz ezberdinak dira, testuinguru diferentetan baitaude Grezia eta Espainia. Ezin daiteke, beraz, Podemos Espainiako Syriza dela esan, ezta Syriza Greziako Podemos denik ere, mekanikoki errebisionista folklorezaleek edota albistegi burgesek egin izan ohi duten bezala.

Hala ere, biek joera berdintsua aurkeztu izan digute: posibilismoa. Iraultza ezinezkoa dela salduz, “hiritarren” berehalako beharrizan materialak lortzea da helburu nagusia, utopia edo kimeretan denbora xahutu barik. Honela, pragmatismo eta egingarritasun handiz plazaratu dituzte euren diskurtsoak, hauen maila ideologiko-teorikoa ahalik eta gehien murriztuz jarraitzaileak eskuratze aldera. Izan ere, “ongizate estatua” azkartuko luketen hiruzpalau “zentzu komuneko” erreforma egitea ez omen dirudi inongo erokeria, ezta kapitalaren logikaren pean ere, batez ere aldez aurretik burgesia monopolisten ordezkariek gauzatu izan dituztenean (Gonzalezen PSOEk, esaterako).

Syrizaren kasuan, zorraren kitatzea izan dute kontsigna urte hauetan zehar. Grezian, burgesia monopolistaren indarrek gobernatu izan zuten bitartean, murrizketa nabariak izan ziren arlo ekonomiko eta sozialean, betiere proletalgoaren gainesplotaziora bideratuta. Erreforma hauen helburua bloke inperialista mendebaldarraren fakzio germanikoa edo Alemaniaren ingurukoa egonkortzea da, bide batez greziar burgesia monopolistaren etekinak ere handituz munduan barna bideratzen diren sarraski eta hondamendi inperialistekin. Erreformek burgesia txikia zein behargin aristokrazia kolpatu zituzten, asko proletarizatzera kondenatuz eta europar demokrazia burgesetan ohiko den burges fakzioen arteko “akordio soziala” kolokan jarriz. Aldi berean, proletalgoaren gainesplotazioak borroka ekonomikoen goratzea suposatzen du, eta hauek lasaitzeko, Estatuak burgesia txikiaren eta behargin aristokraziaren plusbalioa murriztu zuen. Honen aurrean, Syrizak fakzio burges bi hauen aldarria beretu eta hauteskundeak irabaztea ere lortu du, ustez erabat egingarri eta iraultzaren erokeriatik urrun dagoen programa aurkeztuz salbatzaile legez.

Kapital monopolistarekiko haserrea erakutsiz, Tsiprasen gobernuak inposaturiko erreformak bertan behera uztea agindu zuen. Honek, greziar burgesia monopolista desegonkortu zuen, Estatu burges osoaren oreka arriskuan jarriz (ez dezagun ahaztu herrialde inperialista guztiek monopolioen egonkortasuna funtsezkoa dutela bere izatean mantentzeko), Europar Batasunak kreditua injektatzeari utzi baitzion hein handi batean. Honen aurrean, greziar burgesia txikiak bi aukera zituen Estatuaren izaera inperialista bere baitan mantendu eta herrialde azpigaratuen espoliazioaz onura ateratzen jarraitu ahal izateko: 1) Burgesia monopolistaren ordezkatzaileek (Demokrazia Berria eta PASOK) hartutako neurri berberak kopiatzea, Troikaren aginduak buru-belarri betez; edota 2) Eurotik, EBtik eta NATOtik ateratzea, errusiar eta txinatar inperialisten laguntza eske joz, herrialdearen izaera inperialista mantenduz baina bloke berri baten baldintza erosoagoez baliatuta. Syrizak lehenengoaren alde egin du, eta itxuraz nahiko baldarki gainera, AEB presionatzen hasia baitzen greziar zorraren erdia kitatu eta hondamendi geopolitikoa saihestu zedin.

Kontuak kontu, Syrizak ez du gehiegi arriskatu nahi izan, bloke inperialistaz kolpe batez aldatzea arriskutsua izaten baita, ez baldin bada Estatu egituren kontrola politiko-militarki eraldatu, Kubaren antzera, kasu(1). Gainera, kontuan izan beharra dago klase menperatzailearen fakzio txiki baten ordezkatzailea baino ez dela Syriza, eta greziar kapital monopolista alemaniar eta, oro har, mendebaldar interesetara estuki lotuta dagoela. Syrizako agintariek ere ondo baino hobeto dakite hori, eta nahiago dute euren kimeraren porrota onartzea inperialismoak eskaintzen dien posizio sozial erosoa arriskatzea baino.

Izan ere, Syrizak aurkeztutako plan ustez egingarriak itzelezko porrota izan du, eta Tsipras buru duen alderdiak hitz emate hutsak egiten adituaren plantak egin ditu, eta halaxe jarraituko du aurrerantzean. Hala izango da ezinbestean, kapitalismoak ez baitu onartzen merkatu logikatik edota monopolioen interes geopolitikoen mesedetara ematen ez den erreformarik onartzen; burgesia monopolistarentzat erabilgarri ez dena ez da kapitalismo eta estatu burgesen boterepean bideragarri.

Hortaz, Tsiprasen dimisioa zentzuzkoa da oso, nahiz eta behargin aristokraziaren sektore erradikalenen (Syrizaren ezker hegala eta KKE) haserrea piztu duen aldez aurretik igarri zitekeen porrot honek(2).

Podemosen kasuan, posibilismo beraren zantzuak berehala antzeman daitezke alderdi espainiarraren kasuan ere, baina honakoan apustu serioagoa eginez estatua erreformatzearen eta espainiar inperialismoa berrindartzearen alde. Ildo beretik, Podemosek PSOE ordezkatzeko proiektu indartsua du, Ciudadanosek PP ordezkatzekoa duen heinean. Izan ere, Podemos alderdi burges txikia izanik ere, espainiar monopolioen interesak ordezkatzera iragan daiteke, alderdi sozialdemokrata klasikoen eboluzioaren emaitzarekin gertatu bezala. Halaber, Podemosek espainiar estatu burgesaren legitimizazio proiektua defendatzen du, betiere gainegitura burgesaren estalkia berrituz, masak pozik egon eta produktibitatea sendotze aldera. Izan ere, Podemosek Alemaniak bloke inperialistako gune europarrean duen erabateko hegemonia kritikatzen du, eta Espainiarentzat pastelaren zati handiagoa aldarrikatzen du, oraingoa eskastzat joz. Bestalde, oso diskurtso posibilista beretzen du: Felipe Gonzalezen garaiko politikak berrezarri behar direla dio, eta dena erabateko legaltasunez eta inor asaldatu nahi barik. Ostera, Podemos inkestetan ikaragarri jaitsi da denbora gutxian. Masak tenteltzat jotzea, diskurtsoa muturreraino sinplifikatuta eta fedezko ekimen bezala euren babesa eskatuz (erabateko despolitizazioa sustatuz), ez omen zaie errentagarri egin.

Biek ala biek, Podemosek zein Syrizak, euren aginduen hitza jan behar izan dute hein handi edo txikiagoan. Kapital pilaketaren logikak diskurtso posibilistak eraitsi ditu, sozialdemokraziaren aukera (faxismoarena bezala) behin-behineko aukera baino ez dela baieztatuz, giro nahasiaren aurrean bake soziala bermatu eta gizartea egonkortzekoa.

Gure aldetik, komunistok edozein joera burges arbuiatzen jarraitu beharra dugu, faxismotik errebisionismora. Sozialdemokrazia berriaren hasierako porrot honek kapitalismoak eta Estatu burgesek soilik kapitalaren logikaren mesedetan aldagarri direla erakusten du, erreformisten amets idealistak kolokan jarriz. “Ongizate estatua” garai batean bloke inperialista mendebaldarrak izan duen mehatxurik handienaren (SESB, izan bere hasierako forma proletarioan ala bere geroko esentzialdatze sozialinperialistan) aurka defendatzeko neurria baino zen izan, egun hain beharrezko ez dena. Soilik iraultzaren bidez apur daitezke kapital pilaketaren logikak, eta komunistok ezin dugu iraultza ez den bestelako iparrorratzik eduki. Ezinbestean egungo beharren mesedetan jardun behar dugu, komunismoa birsortzeko prozesuan, eta komuniston batasuna bilatuz, baina ez edonola; batasunak borrokaren bitartez izan behar du, inolaz ere “batzen gaituena ezberdintzen gaituena baino gehiago da” planteamendu liberalari so eginez. Segi dezagun beraz, egun egokitzen zaizkigun jardunetan trebatuz, bandera gorria botere berriaren seinale izan arte.

IRAULTZA ALA HIL!

(1)Iraultzaren ondoren, kubatar burgesia burokratikoa AEBekin negoziatzen ibili zen, Kubaren posizioa errespetatuago izan zedin estatubatuar interespetan. Yankien jarrera itxiak bloke inperialistaz alderatzera bideratu zuen kubatar burgesia, SESBen boterera iritsi berri zen burgesiaren morroi bihurtuz. Ostera, Txilen Allendek bideratutako bloke aldaketarako saiakerak hauteskunde bidea begi onez jo zuen, estatu kolperako bidea biziki samurtuz CIArentzat.
(2)KKE errebisionistak Greziako egoera kritikoaren aurrean harturiko jarrera penagarriak zer esan handia ematen du, erakunde burgesak babestuz eta ekimen osoa grebetara eta hauteskundetara bideratuz, baina hori bestelako batean jorratuko dugun gaia da.

Deja un comentario