Euskararen zapalkuntza

Iazkoan, Euskararen Egunez, euskal burgesia nazionalaren euskararen inguruko politika izan genuen kritika esparru. Aurtengoan, ordea, espainiar zein frantziar burgesia monopolistek gure hizkuntzaren kontra bideratzen duten politika etnozida izango dugu aztergai. Izan ere, euskal nazio zapalkuntzak oinarrizko izate etnolinguistikoa du, merkatu interesak zaintze aldera euskara zuzen kolpatzen baita.

Esan bezala, euskal nazio zapalkuntzaren ezaugarririk nabarmengarrienetarikoa dugu euskararen zapalkuntza. Hauxe etengabe sustatzen da, nahiz eta, frankismoan ez bezala, zapalkuntzaren era inplizituak nabarmentzen diren (esplizituek berehalako erreakzioa sortzen dute zapalduengan, burgesiak beharrezko duen egonkortasun soziala kolakan jarriz). Honela, diglosiaren sustapena da politika zapaltzailearen helburua: elebitasun faltsua ezarriz, gaztelaniaren etengabeko presentzia euskararen presentzia sinbolikoarekin konbinatzen da. Izan ere, gaztelaniak ez du inongo ofizialtasunik behar bere presentzia bermatzeko; eta hala ere, ofizial agertzen dute. Honen helburu bakarra hizkuntza minorizatuak zapaltzea da, gaztelaniaren posizio pribilegiatuari hizkuntza minorizatuen politika bertsuak ezarriz, eta legezko pribilegioa ezarriz gaztelaniaren mesedetan. Bestela ere, gaztelania gizarte hizkuntza legez sustatzen da etengabean, gaurkotasunari eta egungo kontsumo bizimoduari zuzenki errotua. Euskara, gaztelaniaren aldean, erabat minorizatuta utzi dute alor horretan (telebista piztea eta euskaraz eta gaztelaniazko kateak konparatzea besterik ez dago jabetzeko).

Zapalkuntza hau, ostera, ezberdina da lurraldearen arabera. EAEn, zapalkuntza lehentxo aipaturiko forma inplizituan nagusitzen da, baina Nafarroan (ezarritako gune misto eta ez-euskaldunetan batik bat) eta Iparraldean zapalkuntza esplizitua da oso: hezkuntza publiko euskalduna galarazi, inongo babes instituzionalik ez eman, identitate arrotzarekin lotu, garatu gabeko hizkuntzatzat hartu edota folklore hutsera mugatzen dute euskara. Hau guztia, noski, tokian tokiko burgesiaren behar eta gaitasunen araberakoa da, zapalkuntza beraren izatea den bezalaxe.

Izan ere, hizkuntzek komunikatzeko balio duten heinean, merkatu harremanak ezartzeko balio dute. Merkatu harremanak ezartzeak, aldi berean, burgesiaren sektoreen eragin esparruak zehazteko balio du. Azken hau garbi ikus daiteke inperialismo yankiak duen pisua ingelesak duenarekin alderatzen badugu, eta hain zuzen ere, pisu hori bere bloke bereko estatuetan ezartzen dela kontuan izanik. Gauzak honela, katalanaren zapalkuntza eta euskararena alderatuz gero, laster adituko dugu euskararen kontrako zapalkuntza askoz ere irmoki bideratzen dela; kontuan hartzekoa da katalanak, gaztelaniarekiko parekotasun handia izanik, ez duela mehatxu handia suposatzen espainiar burgesia inperialistaren berezko merkatu-harremanentzat. Euskararen kasuan, ordea, parekotasunaren gabeziak sekulako buruhaustea dakar merkatu harreman bateratuak ezartze aldera. Hauxe da, hain zuzen, euskara eta minorizatutako hizkuntza guztien zapalkuntzaren zergatia.

Komunistok nazio auziarekiko dugun planteamendua argia da: nazioak desagertzera bideratuta daude komunismoaren atzeneko fasera heldu eta batera. Baina desagerpen honek berezko fusio progresiboa eskatzen du, zapalkuntza oro borrokatuz (burgesiaren interesekoa baino ezin baita izan) eta berdintasunean ezarriz desagerpen hori. Hortaz, honek nazioen konfigurazioa aldatzea dakar iraultzarekin batera; eta beraz, hizkuntzena ere bai. Asko dira Euskal Herrian euskaraz kontsigna darabiltenak, eta esan daiteke gu horrekin ados garela. Baina lehen aipatutakoaren harira, euskara ezin liteke Euskal Herrira mugatu, ezinezko bailitz horrelako egoeran berdintasunera heltzea gainontzeko hizkuntzekin. Gure proiektua espainiar estatu inperialista suntsitu eta iberiar nazioen estatu-komuna konfederala ezartzea izanik, ezinbesteko dugu hizkuntza minorizatuen muga nazionalak gainditzea, konfederazio osora hedatuz. Horrelako politiken tankerakoak aplikatuak izan dira dagoeneko estatu burgesetan, Suitzan kasu(1), bideragarritasunaren froga dena.

Euskara-eguna

Komunistok, ezinbestean, burgesia monopolistaren politika etnozidak salatzen jarraitu beharra dugu, hizkuntza zapalduen eskubideen alde. Nazio askapena indar burgesek bideratu izan dutenean, askapena nazionalki partziala izan da beti, erabateko edo besteko zapalkuntzak iraun baitu (gaelikoarena Irlandan, kasu). Euskararen kasuarekin antzera gertatzen zaigu, soilik klase borrokaren bidezko botere berriaren (proletarioaren) sortzeak eta zaharraren (burgesaren) zanpatzeak eraman gaitzake Euskal Herriko hizkuntzaren bermera. Hortaz, iazkoan esandakoak errepikatu eta zaharrak berritzea tokatzen zaigu: akaso, euskara iraultzarekin ez dela salbatuko; baina iraultzarik gabe ziur ezetz.


Oharrak:
(1)Suitza potentzia inperialisten tarteko herrialdea izanik, ez du aliantza zuzenik horietako batekin, eta hortaz, bere izate plurala mantentzea komeni zaio. Suitzan, alemana, frantsesa, italiarra zein erromantxea hizkuntza ofizial dira herrialde osoan, nahiz eta bakoitza parte batekoa baino izan berez, alemanaren erabilera nagusi izanik usadioz herrialdearen hiru laurdenetan.

Deja un comentario